Onintza Enbeita

Baserritarrak

2026ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Suteak direla eta ez direla hainbat baserritar atera dituzte telebistan. Izaera eta ideologia konkretu batekoak izan dira asko, eta horrek mingainak dantzan jarri ditu. Irakurri dut baserritarrek txakurkumeak errekara botatzen dituztela zakuan sartuta. Esan didate landa inguruan zaborrari sua ematen zaiola edozein bazterretan. Irratian mezu bat utzi dute untxiak bizirik larrutzen direla esanez. Gernu ontziak erreketan husten ditugula ere leporatu didate. Ez dut guztia ukatuko. Badakit halakoak gertatu direla. Seguruenetik oraindik ere nonbait gertatuko dira, baina ez dira praktika orokortuak. Gaur egun ez. Gehiago esango nuke: baserritarrek zaborrari edonon su ematen zioten garaian, hirietan inork ez zuen birziklapenean pentsatzen eta lantegi askotan irekitzen zituzten ur zikinen ateak gauez. Errekara lixiba bota duten baserritarrak izango dira, baina angulak neurririk gabe arrantzatu dituztenak ez dira baserritarrak izan. Ez gehienak behintzat.

Basoari sua ematen dionak ez du barkamenik: eta berdin du non jaio den edo zein ogibide duen. Erretzen den metro karratu bakoitzeko urte askoan landutako ekosistemak desagertzen dira. Hala ere, eskertuko nieke kazetariei baserritarren iritzia jakin nahi dutenean baserritarrei galdetzea; baina ez erantzun jakin bat emango dutenei bakarrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA