Gaur basoen eguna ospatuko da Gernikan eta Muxikan. Ezin dut egitarau osoan parte hartu agenda arazoengatik, baina ilusioa egiten dit eguna gurean ospatzeak. Esperantza sortzen didate BaSOS elkarteak eta antzerakoek. Kapitalismoak dio bakoitzak nahi duena egin dezakeela bere gauzekin; beraz, ezin diogula inori esan zer egin behar duen bere lurretan. Premisa horrekin iritsi gara gure inguruan eukalipto gehiegi eta gaztainondo ia bat ere ez ikustera. Gure ilobek ez dituzte egunero ikusten gure aitak aipatzen dituen zuhaitz espezie gehienak, eta ustezko basoz inguratuta bizi gara; basoa deitzen baitiegu eukalipto sail amaigabeei. Ez dakit zelan esplikatu besterik ikusten ez duten umeei hori ez dela basoa, basoa beste zerbait dela: askotarikoagoa, ederragoa, salbaiagoa, biziagoa. Halako gauzak aldarrikatzeko eguna da gaur, eta poza eman dit egunaren zati bat gure herrian ospatzeak. Urkietako artearen itzaletan egingo dugu gaur bertsotan. Pozik nago gure udalak BaSOS elkartearen esku utzi duelako bere lursail batzuen kudeaketa. Gauza bat delako zer egiten duen bakoitzak bere lurrekin eta beste bat zer egiten dugun guztionak direnekin. Garai batean, landa eremuan bizitzeak bizitzaz inguratuta bizitzea esan nahi zuen. Bizitza asko dira esaldi bakarrerako, baina gehienak galdu egin dira gure basoetan. Berreskuratu ditzagun.
Basoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu