Onintza Enbeita

Belaunaldiak

2025eko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazteenak izango zituen 70 urte ordurako. Kasualitatez eseri nintzen haien mahaian. Meza oste hartan, elizara sartu ez zen bakarra nintzen ni. Denak ziren emakumeak. Ez dakit nork eman zuen haria edo nork atera zuen gaia, baina sexuaz ari ziren: gordin. Gaztetan ote artean ere egindakoak zirela esan zuen batek, eta «gaztetan ez duzu egingo, bada!» erantzun zioten besteek. Ni isilik nengoen entzuten. Beste batek esan zuen berak zortea duela, zeren ez omen du gogorik, baina senarrak eskatu ere ez diola egiten. Bere ahizpari, ordea, gizonak eskatu egiten diola eta berak nahi ez. Damututa zegoen bat ere bazen: beldurra sartu omen zioten abadeek eta gero senarra gazterik hil zitzaion. Elizari kasurik egin gabe jo ezaren damua zuen. Hala esan zuen: «Gehiago jo ezaren» damua zuela. Ni mutu ondoan. Begiratzen zidaten, baina azukre ontzia irekita zegoen eta hor ari ziren barruak eskatu ahala husten. Ezkonberritan, gurasoen ihesi, ukuiluan egiten zutela konfesatu zen bat, eta nahi baino lehen geratu zela haurdun esan zuen guztien artean gutxien hitz egin zuenak. Mingainak eta gorputzak libre ari ziren mahaiaren jiran. Ez zirudien haien artean gaiaz ari ziren lehen aldia zenik.

Poza eman zidan egoerak. Orgasmorik izan gabeko emakumeen eta behartutako ezkontzen artean izan da besterik. Guk ez dugu dena asmatu, zorionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.