Gaur bigarren eskuko azoka egingo dute gure herrian. Azken urteetan gero eta gehiago gustatzen zaizkit halakoak. Saltzeko eta erosteko aprobetxatu izan dut aukera izan dudanean. Hala ere, beti pentsatu dut Euskal Herrian ez dutela behar luketen pisua halakoek. Nire inguruan oso jende gutxik erosten du bigarren eskuko arropa. Gehienek esaten didate lehenengo eskukoak duen prezioarekin ez duela merezi. Ikuspegi material kapitalistatik arrazoi osoa daukate, baina ez dakit zenbateraino egon behar dugun hor. Lehenengo eskuko arropa ekoiztea baino gauza esplotatzaile eta kutsagarriagorik ez dago gaur egun. Erosten dugun arroparen gaineko kontzientzia hartzeko garaia dugu. Ez dakit, ordea, nahi dugun.
Azoka egin genuen lehen urtean lagun bat etorri zen gure postura eta esan zidan: «Ez dut ezer erosiko ze hemen jartzeko adina arropa badago gurean». Pena ematen dio saltzeak edo botatzeak, ordea. Modak itzultzen diren aldiro egiten du armairu zaharretan errepasoa eta beti aurkitzen du zerbait; berriak ere erosi egiten ditu, ordea. Eta segi aurrera. Baina erabili eta botatzearen kultura hau gainditu egin behar dugu. Moduren bat egon behar da konbentzi gaitezen. Gure ama traumatizatuta dago hemendik Afrikara bidalitako arropekin gertatzen dena dokumentalean ikusi zuenetik. Ezin da izan halakoak ikusita larritu den bakarra.