Onintza Enbeita

Biluztasuna

2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Niretzat trauma handia izan da eta da biluztasuna. Unibertsoari eskertzen diot DBH baino lehenagoko eskoletan ibili izana, eta gimnasia eta gero dutxatzeko ohitura gu baino modernoagoa izatea. Ez zaizkit hondartza nudistak gustatzen. Beldurra ematen dit jendeak nire gorputza ikusten duenean pentsatuko duenak, edo horrelako zerbait. Biluztasuna erakargarritasunari eta sexuari lotuta jaso genuen guk, eta biluztasun politak eta itsusiak markatu zizkiguten. Nire bikotekideari ezer eskertzen badiot, biluztasunarekin duen harremana da. Nire aldean naturaltasunez bizi du, eta naturaltasun horrekin transmititzen dio gure umeari. Lasaitu egiten nau horrek.

Eta jendeak esango du berriz ere ari naizela nire konplexuez, eta aldi berean badakit halakoak nortzuek esango dituzten. Sekula zalantzan jarri ez diren gorputzetatik hitz egitea eta besteak seinalatzea erraza da. Sekula ezer zalantzan jarri ez duzunean deserosotasunak nabarmenagoak dira, gainera. Kabitu ez garen gorputzetan, ezarritako generoarekin bat ez datozenetan, zatiren bat falta dutenetan bizi izan garenok badakigu zenbat eskertuko genukeen norbaitek, noizbait, gaizki geundenean, geure burua bilatu ezin genuenean biluztasunari esanahi guztiak kentzea. Normalizatzea. Gu ere normalak garela ikusaraztea. Arropen azpian denok zerbait ezkutatzen dugula jakitea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.