Duela 4.000 urte Urbasa konpartitu zuten pertsonek eta animaliek ez zuten imajinatu ere egingo haien hezurrak zein inportanteak izango ziren. Harrigarria da hezurdura batek zenbat informazio eman dezakeen, baina harrigarriagoa oraindik informazio horretatik abiatuz jakin dezakegun guztia. Orain arte uste zenaren kontra, duela 4.000 urte oraindik bisonteak bizi ziren hemen, eta aurkitu dituzten hezurrek hala esaten badute, hau izango da Iberiar penintsulan aurkitu den lehen bisonte europarra. Zientzia eta kultura abantean doaz. Guk institutuan ikasi genuen askoz lehenago desagertu zirela hemendik bisonteak, oraingoek ikasiko dute duela 4.000 urte bazirela. Hori jakiteak ez du inoren bizitza aldatuko, baina ederra da.
Paleontologoek diote zauritu zuen gizakiari ihes egin nahian erori zela bisontea leizera. Saihetsen artean aurkitu dioten lantza puntatik atera duten ondorioa da. Itzela begitandu zait 4.000 urtez gizakiei ihes egitea lortu duen piztia. Hura leizean sartu zen, eta guk Urbasa inbaditu egin dugun arren, ez dugu orain arte aurkitu. Gizaki bakarrari ez, askori egin digu alde bisonteak. Ez dugu inoiz jakingo nahita edo nahi gabe babestu den guregandik, baina agian, haren hezurrek esan nahi digute ez garela berak Urbasa habitatu zuen garaiarekin bakarrik erratu: naturarekin eta beste animaliekin oker eraiki dugula harremana.