Onintza Enbeita

Bizkarra

2026ko irailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaizkibel konpainiari bizkarra eman diote aurten ere Hondarribian. Ez guztiek, baina bai askok. Ez dakit zer den hainbeste min ematen diena. Alardea matxista ez balitz, parekidea balitz, hala nahi duten emakumeek soldaduen artean joateko aukera izango lukete eta nahi ez dutenak kantinera izango lirateke orain arte bezala. Eskubidea izateak ez du inor derrigortzen. Ez izateak bai, ordea. Jaietan normaltasunez parte hartzeko eskubiderik ez izateak emakume asko derrigortu ditu isiltzera, lanean arazoak izatera, familiaren kontrako erasoak ikustera… Jaizkibeleko emakumeen irribarreak adorea ematen du. Berdin dio jendeak bizkarra ematen badie, euren bidea egiten jarraitzen dute. Bizkarrez dauden bizkarretan nabarmena da tradizioaren izenean matxismoa zuritzeko ahalegina. Desfilean datozen emakumeek, ostera, bizkarra eta gorputza jartzen dituzte, urtero; zauri eta guzti. Eta haien zauriak Euskal Herriko jai asko jarri ditu ispiluaren aurrean. Ez baita alardea bakarrik izan gizonena: tradizioa deitzen dioten zera ustez aldaezin horrek emakumeei ukatutako plaza asko gordetzen ditu.

Aurten, bizkarra eskaini nahi diet Jaizkibeleko emakumeei, baina ez min emateko: arrelepo hartzeko baizik. Haien kuraiak ekarri gaitu honaino, lagundu digu gure herri zein auzoetako jaiak errepasatzera. Orain eraman nahi nituzke merezi duten lekuraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA