Lehenengo azpimarratu dutena da gizonak arma zuria zeramala. Hainbat lekutan irakurri eta entzun nuen xehetasun hori. Ez dakit zenbateraino den garrantzitsua. Taberna batean norbaitek arma zuria ateratzen badu, normalena da han daudenek udaltzaingoari edo ertzainei deitzea. Gero haiek duten jokatzeko moduan dago gakoa. Izan ere, zenbat udaltzainek inguratu zuten gizona tiro egin aurretik? Albisteek diotenez, ertzainak ere inguruan ziren. Zenbat agente behar dira gizon bakarra lasaitzeko, errenditzeko edo dena delakorako? Zentzunak esaten duena da denen artean bazutela aukera egoera tirorik bota gabe konpontzeko. Norbaitek tiro egin zuen, ordea. Eta senak esaten digu norbait hori ia edozein izan zitekeela, ze azkenaldian udaltzaingoa protagonista duten notiziak ez dira itxaropentsuak. Orain udaltzainak ere polizia dira, eta zerbait aldatu egin da.
Bertako komunikabide batek azaldu duenaren arabera, herrian ezaguna zen hildakoa. Ez zen arma zuria atera zuen lehen aldia. Buruko nahasmendua omen zuen. Eta bat-batean pentsatu dut gauza asko nahastu direla kasu honetan: arta falta, arrazakeria eta polizia. Guk ezin dugu inor berpiztu, baina, jendarte bezala, hausnartu eta hobetu egin ditzakegu gure jarrerak. Gero polizia ereduaren kontua dago. Nik nahiago nituen aguazilak. Udaltzaingo honek beldurra ematen dit.