Onintza Enbeita

Demokrazia

2026ko urriaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harrigarria da demokratentzat zein balio gutxi duen demokraziak. Lau urtean behin botoa ematea eta herriak boterea izatea gauza desberdin bi direla ondo ikasita daukagu dagoeneko, baina euren burua demokrata sutsutzat daukaten gehienek hori baino ez dute espero herritarrongandik: zuk eman botoa, eta gero guk egingo dugu iruditzen zaiguna. Gero ez etorri manifestazioetan, ez izan bozkatu duzun alderdiarekin kritikoa, ez bilatu gutxiengoentzako lekurik zuk sinisten duzun proiektuan… ez izan astuna.

Orain, demokraziaren ohiko gutxiespenari, faxismoaren gorakada eta lotsa-galtzea gehitu zaizkio, eta sareak Lularen kontrako mezuz bete dira. Dirudienez, Bolsonaroren aldekoek botoa emateko garraio publikoa behar zuen jendea botata utzi zuten, eta Lulak lortu zuen epaileak ordu bi gehiagoz luzatzea hauteskundeak. Espainiako eskuina sua dariola irakurri dut sareetan. Askok gerra zibilera deitzen dute, edo estatu kolpera. Hitzak ez dira horiek, baina oso desberdinak ere ez.

Jende honekin edozer da posible, eta azaroaren 29an jarri zait burua. Ez dakit zer gertatuko den. Diote PP eta Voxek lortuko dutela gehiengoa. Ez nuke nahi, baina hala ez izateak ia beldur handiagoa ematen du hala izateak baino. Ez baitakigu hauek zertarako gai diren irabazten ez badute. Edo bai, badakigu zertarako gai diren eta hori askoz okerragoa da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA