Trumpek esaten du Irango agintariek desesperazioz nahi dutela gerra amaitzea. Iranek, ordea, ez du Trumpek proposatutako bake plana onartu nahi. Israelek palestinarrak torturatu eta hiltzen jarraitzen du: umeak ere bai. Batzuk orain konturatu dira Israelek ez duela Gaza bakarrik nahi; Libano ere nahi du, eta Siria ere bai, eta abar. Israel ez zen existitu 1948ra arte, eta honaino iritsi bada, kolonizatzeko nahiagatik iritsi da. Eta nahi horretan izan duen laguntzagatik. Sionistek ez zuten Ekialde Hurbila kasualitatez aukeratu Israel eratzeko, ordea. Venezuelari buruz ez digute ezer kontatzen medioek, baina badakigu AEBen kontrolpean ez daudela lehen zeuden baino hobeto. Orain Kubak kezkatzen gaitu. Ez dakigu zer gertatuko den Karibeko irla horretan. Munduak ez dio iraultza irabazi izana sekula barkatu, eta hainbat hamarkadaren ondoren, garaipen eder haren ondorioak jasaten jarraitzen dute. Europan gora eta gora doa eskuina. Etorkinen kontrako diskurtsoek beldurra ematen dute gurean, baita homosexualen kontrakoek ere. Feminismoaren aurrean, matxismoak sekulako indarra hartu du.
Nik ez dakit Irango agintariek desesperazioz nahi duten gerra amaitzea, edo gerran jarraitu nahi duten. Baina niri mundu honek, eta bertan agintzen duten psikopatek, desesperazioa sortzen didate askotan.