Argentinako diktadura militarra jasan zuen bati entzun nion grabazio batean: «Torturatzaile batek ezin du egin duen mina sendatu bere burua hilda, baina hori ere bada zerbait». Itzulpena libre samarra da, baina askotan pentsatu dut esaldi horretan, eta askotan estrapolatu dut bizitzako eta politikako beste puntu batzuetara. Egindako minak ez du erremediorik: sendatu egin daiteke, baina eginda dago. Jaso duenak sekula ez ditu gauzak berdin ikusiko. Hala ere, barkamenaz, egindako minaren aitortzaz… hitz egiten dugu askotan. Baita bizitza pertsonalean ere. Zenbat aldiz poztu gara guri ezer esan gabe beste norbaitekin hasi zen tipo edo tipa hari gauza bera egiten diotenean?
Kontua da Oscar Puenteren dimisioak ez dituela tren istripuan hil zirenak berriz ere mundura ekarriko, baina keinuak balio du. Eta gutxitan egiten den gauza da dimititzea. Berdin du gobernuko karguak edo alderdikoak diren jokoan daudenak: jende gutxik ematen du pauso bat atzera. Ez dut nik Puenteren alde hitz egingo, baina inportantea iruditzen zait beti ez dugula egon behar ulertzea. Batez ere politikaz ari garenean, jendearen bizitzan eragin zuzena duten legeak esku artean ditugunean. Erabaki okerrak hartu baditugu, edo ez badugu jakin alderdia leku onera eramaten, dimititu dezakegu: ez da ezer gertatzen. Gauzek gu ez gaudenean ere jarraitu egiten dute.