Maricarmenek harrapatu gaitu. Medio guztietan hitz egin ziguten hari buruz. Ikusi genuen nola atera zuten bere etxetik eta nola sartu zuten anbulantzian. Erakutsi zizkiguten haren irudiak ospitaletik eskerrak emanez. Esan digute injustua izan dela haren etxegabetzea, 500 eurotik 2.600era igo nahi ziotela errenta, ez dakit zenbat urte zeramatzala han bizitzen… ez digute ia inon azpimarratu Madrilen gertatu dela hori guztia. Egia da Madrilen eta hemen lege berberek ito gaitzaketela konpetentzien konturik tartean ez bada, baina Madrilen gertatu diren gauzak berton gertatuko balira bezala kontatzea ohitura bihurtu da. Gauza bera Parisen gertatu balitz, ez ginatekeen enteratu ere egingo. Ez behintzat modu eta intentsitate berean.
Eta zer esango dugu Baionan ikasleek egin duten erakustaldi ederraz? Atera ziren kalera milaka, oldartu zitzaien polizia, atxilotu zituen batzuk… baina ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea defendatu zuten. Ustez, mugitzen ez diren gazte horiek, dena eginda eman diegun horiek euskaraz ikasteko eskubidearen alde. Zenbat mediotan ireki zuten albistegia? Etxeko medioez ari naiz, noski. Pena ematen dit, baina guk eraikitzen ditugu distantziak eta guk asumitzen ditugu inposatzen dizkiguten peajeak. Ez dezagun Madril hurbildu Baiona, Erribera, Karrantza edo Maule urruntzeko.