Onintza Enbeita

Ekosistema

2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Patxi Ezkiagaren biktima bati irakurri nion egunkarian hura zela munstroa, baina ekosistema oso batek elikatu zuela haren jarduna. Pentsatzen jarri naiz hurbilago izan ditudan abusu kasuetan, eta aldeko ekosistemarik gabe gauzak bestela izango liratekeela ohartzen naiz. Gernikan, esate baterako, urte askotan aldareratu eta goratu zuten Mario Lopez. Horrek asko zailduko zuen biktimak ezer esan ahal izatea. Militatu izan dudan eremuetan zaila izan da gizon askoren jarrerak mahai gainean jartzea. Gehienetan, gizon horien arrautzak egoten zirelako ekosistemaren erdian, eta estimatuak izaten zirelako askorentzat. Familiaren barruan eraso duten umearentzat ez da erraza izango familiaren aurrean inor seinalatzea; batez ere, gehienetan, erasotzaileak ondo ikusiak egoten direlako familiako beste kideen partetik. Bai, eraso guztien inguruan dago hura gertatzea ahalbidetzen edo errazten duen ekosistema. Ekosistema horrek erasoari garrantzia kentzen dio, naturalizatu egiten du, salatzen duena histerikotzat hartzen du eta gizarteari esplikatzen dio gauzak ez direla hainbesterako. Edo bertsio biak entzun behar direla.

Klima aldaketa ekosistema naturalak aldatzen ari den moduan, gizarteak izan beharko du naturalak ez diren ekosistemak aldatzeko gai. Izan ere, naturaltzat saldu diguten ia ezer ez da neutroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA