Epaileak ikasle txarren alde lerratu dira. Titular ederra izan zitekeen, baina ni ez naiz inor ikasle onak eta txarrak bereizteko. Nik ez dakit selektibitatean euskarako azterketa gainditu duten eta ez duten ikasleen errealitatea zein den, zein zirkunstantziatan heldu diren azterketara, urduri jarri diren… ni ez naiz inor esateko ikasle txarrak zirela euskarako azterketan 0 atera zuten guztiak. Aztertzaileen autoritatea askotan jarri da zalantzan, ordea. Ba omen zekiten zein eskolatako azterketak zuzentzen ari ziren. Hori horrela bada, azterketak anonimoak ez badira, selektibitate osoa inpugnatu beharko litzateke. Aztertzaile bi bakarrik jarri dira dianaren erdian, hala ere. Euskara da arazoa bai ikasleentzat, bai gurasoentzat eta bai epaileentzat. Norbaitek izan behar du batxilergoa ondo gainditu ei duten gazte hauek selektibitatea ondo ez egitearen errua. Euskara erraz seinala daiteke gure konplexu gaindiezinen eta euskarafobo harrotuen garaian.
Epaileak esan du 0 atera duten ikasle hauen euskara azterketako nota batezbestekotik kanpo utzi behar dela. Orain, beste ikasgaietan nota berak edo antzekoak izanda, euskaran 9 izan duenak batezbesteko txikiagoa izango du, euskaran 0 izanda hura kontatzen ez diotenak baino. Berdin dio: gu gara inposatzaileak. Beste zeroez inork ez du hitz egiten. Hemen arazoa euskarafobia da.