Onintza Enbeita

Errautsa

2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pronto txarra duela esaten dute haren lagunek. Hori kenduta bihotz ona omen dauka. Gaixotu zenean emakume bat hartu zuen etxea atontzeko, eta ez ziren ondo konpondu. Lan ondo egiten omen zion, baina traturako zakarra ei zen. Langilea ere ez zen isilik geratzekoa nonbait, eta hortzak erakutsi zizkion: «Etxea garbitzearren ordaintzen didazu, ez zuri hizketarako gaiak ateratzearren». Bidali egin zuen. Pasieran gindoazen batean esan zigun, ea nor zen hura berari horrela hitz egiteko. Ez ginen ezer esatera ausartu, baina gustatuko litzaidakeen arrazoia zuela esatea. Neska gazte bat ekarri zuen baserrira gero. Ondo moldatzen ziren hasieran. Emakume heldua bata, eta gaztea bestea, sukaldean irakasten ari zitzaiola esan zigun. Ez zuen pozak asko iraun. Berba asko egiten omen zion neskatilak, baina lanean hasteko agindu egin behar zitzaion antza. Berriro geratu ginen isilik. Auzoko beste emakume bat etorri zitzaigun neska bien berri eman nahian. Gajoak haiek, zer nahi duen ere ez dakien emakume zahar baten etxean. Guk mingainari kosk berriro. Ezin esan bere etxean izan direnek ere ez digutela larrosa biderik kontatu.

Isiltasun konplize gehiegi daude zaintza lanetarako esplotatzen diren emakumeen auzoko baserrietan. Guztiok ikusten dugu zer gertatzen den, baina inork ez dugu ezer egiten. Errautsak estali ditu beti baserriko miseriak.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.