Eskolan hitz egin zidaten lehenengoz hari buruz. Orduan ematen zuen Gaztelako koroa nahi gabe hartu zuen emakume fededuna zela. Kontua da harrezkero irakurri eta entzun dudanak lagundu didala ulertzen Isabel I.ak izan zuela erregina izateko eta bere lurrak hedatzeko anbizioa. Fernando Aragoikoarekin interes hutsagatik ezkondu zen, eta gaur bezalako egun batez hil zen. Egia da Fernando eta Isabel hil eta gero ere Amerikaren arpilatzeak jarraitu zuela, baina hasi, haiek hasi zuten kontua. Juduak eta musulmanak behin betiko kanporatzea izan zen Isabelen obsesioetako bat, eta azkenean Granadan lurperatu zuten senarrarekin. Hura izan baitzen musulmanei kendu zieten azken lurra. Han daude, Granadako Errege Kaperan: Isabel I.a Jainkoaren eta Gaztelaren izenean makinatxo bat jende erre eta hiltzea bultzatu zuena, Fernando Aragoikoa bere asmo politikoak betetzearren alaba Tordesillasen giltzapetu zuen gizona, Filipe Ederra gaur egun ama bat bakarrak ere bere alabarentzat nahiko ez lukeen gizona eta Juana. Juana Gaztelakoa: seguruenetik, Granadako Errege Kaperako kriptan lurperatuta daudenetatik, botere goseak erotu ez zuen pertsona bakarra.Â
Duela gutxi joan nintzaien bisitan; han jarraitzen dutela ziurtatzearren. Izan ere, azkenaldian entzuten ditudanekin kosta egiten zait zein mendetan bizi garen kalkulatzea.