Azokara etorri zen astelehenean bere kezka erakustera. Gernikako kooperatiba batean ez zutela grebarik egingo kontatu zidan. Bere senarra han ibili zen lanean urte askotan, eta harrituta zegoen: «Noraino iritsi garen», esan zidan. Litekeena da greba orokor guztietan izatea halako eztabaidak: nork egiten duen greba, nor joaten den lanera, zer lortzen den, norentzat lortzen den… greba egiteko eskubidea aldarrikatzetik lan egiteko eskubidea aldarrikatzera pasatu gara urte gutxian, eta eskirol hitza hiztegitik kendu dugu ia. Kontua da, lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea lortzen bada, esate baterako, guztiok irabaziko dugula: guztiok. Askok pentsatzen dute haien lantegia beti ondo joango dela, ez dutela sekula ezer beharko. Garaiotan hori suposatzea asko suposatzea da, ordea. Lur guztiek egiten dute dardara hemen ez bada han, eta betirako pentsatzen genituen lanpostuak galtzen dira. Edonoiz ikus dezakegu geure burua kalean. Klase-elkartasuna eta halako gauzak ez daude modan, baina inoiz baino beharrezkoagoak dira. Ez gaitezen zenbaitek nahiko luketen lekuraino iritsi, ez dezagun iparra gal. Langileon eskubideak borroka gogorretan lortu zituzten lehen, eta guri ez digute ezer oparituko orain. Errespetuz begiratzen diet asteartean lehen lerroan izan ziren guztiei. Dagokiguna ematen ez badigute, hartu egin beharko dugu.
Eskubideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu