Gure umeak ez dizkio bere erraldoiak ia inori utzi nahi. Ezta aitonak ekarritako patinetea eta traktorea ere. Norbait haien bila hurbiltzen baldin bada, nahiz eta berak momentu horretan ez dituen behar, azkar inguratzen ditu. Nik esaten diot uzteko jostailuak beste umeei, baina asko kostata egiten duen zerbait da. Hori bai, parke batera goazenero saiatzen da besteen gauzak hartzen. Esaten diot ez direla bereak, halako umerenak direla. Alferrik da. Besteena beretzat nahi du ume horrek, eta berea ez dio inori utzi nahi.Â
Berandu izan nintzen ama, ordea, eta nire inguruan ume asko ikusi ditut gurasoen ustez gauza lotsagarriak egiten. Halakoak egiten dituen umea norberea ez denean erraz ikusten da beste guztiek egiten dutena egiten ari dela, baina nola guraso guztiek saldu nahi duten ume atsegin eta eskuzabala, norberak pentsatzen du berea dela ezer utzi nahi ez duen bakarra. Bada, erabaki dut umea txikiegia dela oraindik gauzak konpartitu ditzan derrigortzeko eta euren umeak dena ematen duela esaten duten gurasoei ez diedala sinetsiko. Inorena hartzera ez dut animatuko umea, baina zerbait utzi nahi ez duenean beste umearen gurasoei esaten diet: «Badakizue, ez da egia eskuzabal jaiotzen garela!». Barre egiten dute eta barre egiten dut, baina ez haiek ez nik ez dugu gure umeekin borrokarik egiten. Horrek asko balio du.Â