Gaur euskararen eguna da: euskarazko ekintzak programatu dira leku guztietan. Leku askotan gaur bakarrik. Mediku onak edo euskaldunak nahi ditugun galdetzen digute zeharka: kultur produktu onak edo euskaldunak nahi dituzue? Aspaldi esan zidan bere burua euskaltzaletzat duen batek euskaraz programatzeagatik ezin zaiola utzi gauza interesgarriak kontratatzeari. Esaldi horretan ulertzen dudana da euskaraz ez dagoela ezer edo ia ezer interesgarririk. Gogoratzen dut kanta guztiak erdaretan abesten dituen talde bateko kideak kontatu zidala euskaraz kantatzen duten kantu bakarrak euskararekiko interesa piztu ziela taldearen jarraitzaile amerikarrei. Halakoak entzutera ere ohitu egiten da bat; gaztelaniaz mintzo diren youtuberretara ohitzen den moduan. Jarraitzaile gehiago izateko erabiltzen dute gaztelania: hizkuntza unibertsala. Euskaldunok txiki ikusten dugu geure burua. Euskara batua ukatzen dugu ez daukalako graziarik. Umoregile espainiarrek Andaluziako berbakera erabiltzen dute grazia egiteko edo kultura gutxiko jendea marrazteko. Mingarria iruditzen zait. Hori baino errespetu gehiago merezi dute andaluziarrek, eta euskalkiek ere bai. Gaur euskararen eguna da. Egiteko dagoen guztiarekin, euskaraz bizi nahi dutela esango dute gaur gure agintariek. Gero, urte guztian, mezuak gaztelaniaz ematen jarraituko dute.
Euskara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu