Bihar berriro ere izango da urriko azken astelehena. Egun handia Gernikan. Honezkero ez dakit zer gehiago esan egun horri buruz. Ez digute kasu handirik egiten. Bihar ere azoka dotorea antolatuko dute herriko kaleetan asteleheneroko azoka ez balego legez. Dena dotorezia, zumetzezko saskia, oihalezko mahai zapiak, musika, bertsoak, distiradun piperrak… bihar inoiz baino txakolin eta sagardo gehiago edango da Gernikan, baina gero, urte guztian Mercadonara joango da jendea. Edo Aldira, edo Eroskira, edo BMra, edo Diara… urtean behin baino ez zaigu inporta bertokoa, eta hori ere folkloreagatik bakarrik, ze jakin nahiko nuke taloak egiteko irina edo haragia nondik ekartzen dituzten. Bai, bai, bai, badakit: denok erosten dituzue Gernikako harategietan. Sinistu egin behar badut, eta sinisteko prest nago, galdera da ea urte guztian, etxerako erosketak egitera, ez zareten leku berberetara joaten. Erantzunek beldurtzen gaituztenean, ez galdetzea hobe, ordea.
Urrun gelditu dira Klarak, Mariak, Trinik, Mateak, Begoñak… etxeko barazkiak saldu eta aste osoko erosketak astelehenez egiten zituzten garaiak. Inork ez zien ekonomia zirkularrari buruzko latarik eman, baina haientzat hori zen logika zeukan bakarra. Orain teoria badakigu, baina praktikan, supermerkatu handietan elkartzen dira ezkerreko eta eskuineko boto emaileak.