Onintza Enbeita

Fiu-fiu

2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garai batean normala zen; edo nik hala oroitzen dut kontua behintzat. Txapelketako bertso saioetan, bertsolariak kartzelatik itzultzen zenean jaka kentzen bazuen, askotan entzuten zen fiu-fiu publikotik. Beti ez zen gertatzen, jakina. Neuri dagokidanez, ez dut uste inoiz egin didatenik, baina halakoetarako adibide eskasa da nirea: nire edertasuna ez da inoiz normatiboa izan. Gogoratzen ditut, hala ere, beste kide batzuei egindako txistuak eta jendearen erreakzioak. Barre txikia eta kito. Inork ez zuen saio amaieran ezer esaten. Gauza normala zen. Kalean botatzen diren piropoen moduan: gauza ontzat hartzen ziren. Hiru bertso bota behar dituelako kontzentrazio gorenaren bila ari den bertsolariari txistu egiten dionak, ordea, ez du hura seduzitu nahi. Badaki ez daukala txistu nork egin dion pentsatzeko ere astirik. Halako momentu batean txistu egiten duena ez dago bizitzan ondo kokatuta batetik, eta bestetik, momentu zaurgarri batean beste pertsona baten gainetik jartzea baino ez du lortuko.

Ederra izan da gauzak aldatu egin direla ikustea. Halakoak tarteka gertatu egiten badira ere, erantzuteko modua aldatu egin dugula frogatzea. Xilabako saio batean Elixabet Etxandiri egin zioten fiu-fiu eta bai berak eta bai bertsozale elkarteak erantzun egin dute. Gauzak nondik eta zertarako egiten diren ulertzen ikasi dugu, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.