Bi aldiz erditu da. Kontatu zidan erditu eta hilabete pare batera galdetu ziotela kasu bietan ea sexu harremanak izatera itzuli zen. Galdera egiteko moduak sutu egin zuela esan zidan. Izan ere, medikuak ez zitzaizkion ari sexu harremanez orokorrean, konkretuki sarketaz baizik. Ez zioten galdetu ea sexu harremanetarako gogoa itzuli zitzaion, edo ea epistomia izan eta gero plazer hartzen zuen edo zerekin gozatu duen erditu eta gero. Ez. Galdera zuzena edo zeharkakoa ea sarketan minik hartzen zuen da. Ez da gauza bera esan didan lagun bakarra. Medikuntzaren kezka, dirudienez, gizon heterosexualek beren bikote erdituekin berriz ere larrua jo ahal izatea da. Barreka hasi nintzen. Hamaika hilabete pasatu dira erditu nintzenetik, eta niri ez didate behin ere halakorik galdetu. Harrituta begiratu zidan. Nire adina irakurtzen dutenean larrutarako gogorik ez dudala pentsatuko dute, edo nola lodia naizen, pentsatuko dute nire bikotekideak ez duela nirekin txortan egin nahi. Broma dirudi, baina nire haurdunaldian zein haren ostean konstanteak izan dira adinari eta pisuari buruzko komentarioak. Gustatuko litzaidake ea berriz ere sexu harremanak izan ditudan galde diezadaten eta baietz erantzutea. Emakumeei zuzendutako zerbitzuez ari garenean ere, ordea, kontzientziadun medikuak tokatzen ez bazaizkizu aurreiritziak eta matxismoa azaleratzen dira.
Galderak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu