Gauza jakina da Korrika ez dela perfektua. Eta ulertzekoa da izango dela bertatik kanpo sentitzen den jendea. Hala ere, azken egun bietan sareetan irakurri ditudanetatik hainbat galdera sortu zaizkit. Inork ez dizkit erantzungo, baina hemen idatzita uzteak opor egunak asaskatuta pasatzea ekarriko dit. Asaskatuta, badakizue, desahogatuta, liberatuta. Adibidez, Korrikan ETAko presoen argazkiak ateratzea kritikatzen duten zenbatek jaso dute inoiz haiek maite eta falta dituztenen argazkiak Korrikan ateratzeko debekurik? Korrikako mezua irakurri zuten zazpi gazteak EH Bildurekin lotu dituztenek galdetu diete haiei benetan zer eta zergatik pentsatzen duten? Korrikako mezua nork idatziko duen jakiteko irrikitan porrak egin dituen jendea ohartu da garrantzitsua ez dela nork, baizik eta zer? Atharratzetik Bilbora Korrikaren lekukoa eraman eta gero, kargutuko gara behingoz euskara ez dela altxor bat edo lekuko bat? Onartuko dugu behingoz euskara hizkuntza bat dela eta ez dela besteak baino ez hobea ez txarragoa? Gaztelaniaz bakarrik mintzo direnek lekukoa eraman beharraz ari zaretenok irakurri duzue Korrikaren historia? Euskara ez dela politika diozuenok ohartzen zarete zeuek zenbat politizatzen duzuen euskara? Inoiz pentsatu duzue euskara zergatik desagertu zen ia Bizkaiko mendebaldean edo Nafarroako hegoaldean?
Galderak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu