Ez dakit zenbat aldiz saiatu naizen argaltzen. Denetarik gomendatu didate, eta ia denetarik egin dut: dieta luzeak, laburrak, pilulak ematen dizkizutenak, kalorietan oinarritutakoak, proteinak jatekoak… Gogoratzen dut behin hainbat hauts eta pilula aholkatzen zuten marka horietako batekin saiatu nintzela zerbait egiten. Esplikatu zidaten nola gure gorputzak osasuntsu egoteko osagarriak behar zituen, derrigor. Izan ere, kontatu zidatenez, gaur egun jaten dugun janariak ez ditu izan beharko lituzkeen propietateak eta horrek justifikatzen zuen hauts horien kontsumoa. Ez nuen kontatu zidatena erabat sinetsi, baina nik argaldu egin nahi nuen orduan. Probatu nituen hautsak eta itzuli nintzen lehengo pisura denbora baino lehen.
Ikusten ditut orain lagunak eta ezagunak gimnasioan jo eta ke. Haietako askok nik orduan hartzen nituen hautsen oso antzekoak hartzen dituzte. Askok marka berekoak, eta harritu egiten naiz. Norbaitek osasunerako onak direla esango zien, eta atean ez sartzeko moduko bizkarra daukate orain nire lagunek. Argalak ziren batzuek ere bai. Gero eta argiago daukat gure inguruan ia inork ez daukala harreman orekatua bere gorputzarekin. Osasunarekin eta ongizatearekin mozorrotuta, edozer onartzen dugu neurrian sartu nahi dugulako. Ez da lodiok bakarrik harrapatzen gaituen munstroa; zabalagoa da, zoritxarrez.