Onintza Enbeita

Gorputzak

2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur bezalako egun batean txio bat idatzi genuen: «Hemendik Madrilera dena bihurguneak dira». Irantzu Varela eta bion argazki bat gehitu genion mezuari. Gure bururik ez zen ikusten, baina gorputzak bai, eta agidanez, bihurgunez beteak zeuden (eta daude). Askori ez zitzaien gustatu txioa: ez zitzaien serioa iruditu. Gutxiago gaur bezalako egun batez. Memoriak esaten digu azaroaren 20an behin eta berriro erakutsi dizkigula hortzak faxismoak, baina askotan ahaztu egiten dugu faxismoari kontra egiteko gorputz asko jarri behar direla haren parean. Eta gizarteak ez die ematen zilegitasun bera gorputz guztiei. Horregatik da serioa zenbait gorputz aldarrikatzea; baita politika ustez serioak egiten ari garenean ere. Ez delako gauza bera gure zerrendaburua gizon zuri, zis, hetero eta gizartean onartuak diren beste hainbat etiketaduna izatea, edo emakumea, gaya, arrazializatua, transa… izatea. Eta ez da gauza bera faxismoari gorputz batekin edo bestearekin aurre egitea: batzuk zaurgarritu egiten ditu-eta sistema heteropatriarkalak.

Azaroaren 29an berriz ere bihurguneak nahi nituzke Euskal Herritik Madrilera. Kapitalismoak eta heteropatriarkatuak bide zuzenak ukatu dizkien gorputz horiek guztiak nahi nituzke ikusi lehen lerroetan; kalean zein karteletan. Askorentzat ez da serioa izango, baina niretzat ez dago beste biderik.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA