Onintza Enbeita

Harremanak

2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure aitak ez dio amari sekula oparirik egin. Asko jota, hiru alabotako bati emango zigun amari bere egunean zerbait erosteko dirua. Hori amaren egunean, ze otsailaren 14an eta maiatzaren lehenengo igandean ez da gogoratu ere egin ezer ospatu behar ote duen. Umetan, isilik gelditzen nintzen gurasoen arteko opariei buruz hitz egiten zutenean. Gure lagun batzuen gurasoek muxu ematen zioten elkarri bietako bat etxetik ateratzen zen edo itzultzen zen bakoitzean. Niretzat arrotzak ziren maitasun adierazpen ohiturazkoak. Ohiturazkoak: ateratzen zaigulako baino gehiago, ikasi dugulako egiten ditugun horiek. 

Pasatu dira urteak eta gaixotu da gure ama. Gure ogia xehatzen dio amari jatordu guztietan eta haragia tokatzen denean, berak mozten dio amak ezin duelako. Amak min duenean edo, besterik gabe, negar egiten dionean, ohearen ertzean esertzen da aita, eta eskua hartzen dio. Batzuetan, negarra ateratzen zait aita halakoak egiten ikusten dudanean, eta lotsatu egiten naiz nire umetako lotsaz. Badira ohiturazkoak ez diren keinuak, eta ohituraz keinurik egin ez duten pertsona askok onerako harritzen zaituzte bizitzak keinuak baino gehiago eskatzen dituenean. Lagun batek esan zidan behin psikologoak esaten ziola bere senarra gizon euskaldun ohikoa dela: motza hizketan, baina luzea ekintzetan. Harremanak hortik eraikitzea ederra da.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA