Onintza Enbeita

Hartxintxarra

2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dute egingo. Patronatuak erabaki du ez duela museo berririk eraikiko Urdaibain. Jende askok hartu dugu arnasa. Atseden ere bai, akaso. Estuarioan bertan egin nahi ziguten Guggenheim berria, eta ez dugu nahi horrelakorik. Inguruari begiratzeaz harantzago, halako azpiegitura batek erakarriko lukeen turismo inbasiboa ere ez dugu nahi. Biosferaren Erreserba izateak gauza askotatik salbatu du Urdaibai, eta orain, jende askoren borrokak lagundu dio bere horretan eusten. Askotan esaten digute ez duela merezi sinisten dugunaren alde mugitzea, txikiak ezin duela handiaren kontra, kapitalak bere bidea egiten duela beti… bada, beti ez. Guk ez dakizkigun diruak egongo ziren hemen jokoan, baina Guggenheim ez da egingo Urdaibain. Momentuz. Eskerrik asko zentzugabekeria honen kontra hasieratik mugitu zaretenoi eta mugiarazi gaituzuenoi.

Ez dezagun guardia jaitsi. Gelditu duguna ez da mahai gainean izan den lehen proiektua, eta zerbaitek esaten dit azkena ere ez dela izango. Beti izan beharko dugu hartxintxarra gure gainetik negozioa egin nahi dutenen zapatetan. Ez gara handiak, ez gara aberatsak, baina asko garenean eskabadora handien pausoak geratzera irits gintezke. Pozik nago Guggenheimik ez dutelako gure eskualdean egingo. Ea pozak irauten digun beste borroka batzuei heldu eta bizitzeko leku hobea eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.