Bizitza baino gauza handiagorik ez dago; hauskorragorik ere ez. Sasoi bateko militantzietatik urrunduta, baserriaren aldeko militantziak elkartu gintuen. Errespetu handiz lan egin duzu inguruko ekoizleekin, elikadura eta janaria gauza desberdinak direla sinetsita. Guk geure buruari baino animo handiagoa eman diguzu, ilusiorik galdu gabe. Ez dakit zenbat gauza asmatu dituzun jendea guregana ekartzeko. Erantzuna eskasa izan den bakoitzean ere, berriro itzuli zara zeure ardatzera. Zenbat aldiz gogoratu naizen ekina zinela esan genuen aldi bakoitzaz. Urteek erakutsi didate jende ekinik ez balego iraultzarik ere ez litzatekeela izango. Egun batean desinflatzen garen jendearekin ez dago maratoirik egiterik, eta zuk egunero egin duzu zerbait gure umeen elikaduraren alde, elikadura hori ekoizten dugun baserritarren alde eta gure generoa erosteko prest dagoen jendearen alde. Ez diguzu bizkarrik eman gizartearen erdiak hala eman digula pentsatu badugu ere. Arrautzak dituzula? Ekarri gurera. Negutegiak jarri dituzula eta lurrean instalatu zarela? Etorri gurera. Arazo bat izan duzula eta hilabete honetan ezingo duzula generorik ekarri? Lasai itzuli datorren hilean.
Bizitza baino gauza handiagorik ez dago; hauskorragorik ere ez. Zurea azkarregi hautsi da, Dabid. Ez dakizu zenbat igarriko dugun zure falta.