Lagunak ditut minbiziaren aurkako tratamendu esperimentaletan sartu direnak. Eta beste lagun batzuk ditut esaten dutenak farmazia enpresa handiei mesede egiten baino ez direla ari. Litekeena da, baina ez da egia osoa. Izan ere, erakunde publikoetatik ez da behar adina sustatzen ikerketa. Hori da minbiziaren aurka edo gaixoen alde ari diren elkarteetatik askotan esaten zaiguna. Gauza bat da farmazia enpresa handiek ekonomikoki errentagarriak izango diren minbizi formak bakarrik ikertzen dituztela, baina badago beste gauza bat ere: bestelako ikerketa zentroetan, diru publiko hutsez dabiltzanetan, ez dute behar adina bitarteko aurrera egiteko. Eta norbaitek ikertu behar du eta norbaitek izan behar du ikerketagai.
Ni ez nago herritarrok erakunde publikoak ordezkatzearen alde. Zergak ez ditugu bakarrik farolak, parkeak eta errepideak izateko ordaintzen. Behar dugunean babestuko gaituen osasun sistema publikoa izateko ere ordaintzen dugu. Eta horretarako bada, ni prest nago gehiago ordaintzeko ere. Bide batez, ea noizko eraikitzen dugun gehiago dutenek gehiago ordainduko duten sistema. Ez nago telemaratoien kontra, baina, Olatz Mercaderrek esan zidan bezala, ederra litzateke telemaratoiarekin AHTa ordaintzen duen herri batean bizitzea. Trenean bota diren milioiak osasunean eta hezkuntzan inbertitzen dituen herri batean.