Ceuta inbaditu egin omen dute. Hala diote. Manifestazioak egin dituzte etorkinen gehiegizko sarrera salatzeko. Badakigu denbora gutxian jende asko sartu dela Ceutan, baina ez gaitzatela engaina: bakarra sartu balitz ere, olde hau haren kontra altxatuko litzateke. Ez zaizkie pobreak gustatzen. Futbolaria, aberatsa, munduko herrialderik matxisteneko printzea edo horrelako zerbait bazara, ez duzu arazorik izango hauen herrira sartzeko. Dirurik ez baduzu, jo egingo zaituzte, gaizkile deituko dizute eta haiek egiteko gai ez diren lanak egitearren haiei aukerak kentzen ari zarela esango dizute. Horrela antolatuta dago faxismoa, horrela funtzionatzen du arrazakeriak.
Eztabaidarako tarterik balego, lehenengo eta behin, eztabaidatu beharko genuke ea Ceuta zergatik dagokion Espainiar estatuari. Agian, une batez, pentsatu beharko genuke zergatik saldu zuen hain merke Espainiak Mendebaldeko Sahara eta zergatik utzi zituen inoren esku Marokok Ceuta eta Melilla. Manifestazioetara doazenek ez dute ezer eztabaidatu nahi, ordea. Haien gorrotoa eta ustezko handitasuna erakustea baino ez dute nahi. Haiek ulertzen duten munduak bakarrik dauka lekua haientzat, eta lotsa galdu dute. Senak esaten dit gaizki ulertutako aniztasunaren izenean lekua egin diegula komunikabideetan eta sare sozialetan, eta orain faxistak direla inbasioa.