Ana Vazquez, Alderdi Popularreko kidea, irmo mintzatu da Espainiako Kongresuan: piper-gas potoa erakutsi du, esanez Ceutako neskak halako banarekin ateratzen direla etxetik etorkinen erasoen beldur direlako. Ez da hain erraza homologatutako piper-gasa eskuratzea; beraz, arraroa egiten zait Ceutako neska gazte guztiek halako bat izatea, baina uler nezake nondik ari den diputatua: etorkinekiko gorrotoak askoz gehiago mugitzen du eskuina emakumeen kontrako indarkeriak baino. Kontua da bidali egin dutela Kongresutik: piper-gasa arma da, eta halako lekuetan ezin da armarik erabili. Vazquez medioen aurrean azaldu da sutan: gas potoa hutsik omen zegoen eta hutsik badago, ez da arma. Horraino dena txukun antzean.
Gero, ordea, kazetariek sekuentzia osatu dute. Barrez lehertu naiz: Vazquezek alderdiko kide bati eskatu dio piper-gasa husteko. Haren kideak ez zuen aukera handirik ikusiko eta Kongresuan bertan hustu du. Vazquez potoa hutsik zegoela esaten egon den bitartean, hainbat areto itxi behar izan dituzte kongresuan langileak piper-gasez intoxikatzen ari zirelako.
Izan zaitezke traketsa, baldarra, dorpea eta izan zaitezke Ana Vazquez; baina, aizue, gorroto mezua hortxe. Jendea gezurrez intoxikatzen baduzu, gutxi batzuk sendatuko dira, baina besteek hortxe jarraituko dute zure alde.