Onintza Enbeita

Inurriak

2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun berezia da: Inurri Eguna ospatuko da Usurbilen. Unibertsoaren erdian gutxi okupatzen duen elkarte bat da Izan Inurri, baina jende askoren bihotza irabazi du urte gutxian. Minbiziaren inguruko tabuak eta beldurrak mahai gainera atera dituen emakume talde ausarta da inurriena. Zaurgarritasuna indar bihurtu dute, eta minbizia sendatzeko bide onkologikoak zalantzan jarri gabe, medikuek aztertu nahi ez dituzten gai asko sakondu dituzte. Ez dakit zein planeta gurutzatu ziren nire bizitzan inurriak agertzeko, baina pozten naiz konstelazioak alde jarri zitzaizkidalako. Datuek diotenez, gutako askok izan dugu edo izango dugu minbizia gure bizitzako momenturen batean, eta hala gertatzen denean zure erabakiak errespetatuko dituen sare bat izatea oparia da. Inurriak sarea dira; eta sare horretan sartzen zarenean, zu jartzen zaituzte galdera guztien erdian, eta zuri dagozkizun erantzunak har ditzazun laguntzen dizute.

Nik ez dut neure gorputzean minbizirik izan, baina izango banu, inurriei eskua emango nieke dudarik gabe. Nahiko nukeelako norbaitek esatea ez dudala derrigor kendutako titia berriro jarri behar, edo kimioak bagina lehortzen didanerako zein aukera ditudan. Nik inurriekin egin nahi dut bidea. Zeren badakit, inoiz beharko banu, hilkutxa arrosa bat jarriko lidaketela brillantina eta guzti. Eta hori gauza ederra da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA