Inori ez dio inporta, baina ipurtargiak desagertzen ari dira. Leku asko kendu diogu lurrari, eta bizitoki egin ditugun leku gehienak argiz beteta daude. Inork ez du faltan botatzen ipurdian argia duen izaki txikirik. Magia badu, ordea. Gauean pasieran zoazela argi txikiak aurkitzeak poza ematen du. Bereziak dira ipurtargiak. Ilunetan ederrak, baina egun argitan ez horrenbeste. Monolaborantza, pestizidak, nekazaritza intentsiboegia… etsai asko sortu zaizkio, eta bera txikiegi gelditu da. Pena ematen dit gure semeak agian sekula ez duela ipurtargirik ikusiko pentsatzeak. Kontua da inor ez dela bereziki kezkatuko halako izakien galeraz. Ez dira jaten, ez digute lanean laguntzen… ez dirudi beharrezkoak direnik.
Guru berriek eta betiko psikologoek pertsona oro garrantzitsua dela esaten dute. Gutako bakoitza da nor beste norbaiten bizitzan. Inor ez da ordezkaezina eta denok gara beharrezkoak. Gustatuko litzaidake beste izaki batzuei ere maxima hori aplikatzea. «Ipurtargiak zertarako?», pentsatu ordez, momentu batez hausnartzea zergatik diren izaki txiki horiek ekosistemarentzat garrantzitsuak. Gure inguruan bizi diren animalia eta landareek elkarbizitza osasuntsua nahi lukete gurekin. Gu ere haien ekosistemaren parte gara. Haien lekua hartu dugu gero eta gehiago garelako, eta ondorioz, haiek dira gero eta gutxiago.