Onintza Enbeita

Izorranteak

2025eko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela ez hainbeste urte, irain olde gogorra jasan berritan, Laudiora joan nintzen bertsotara. Abuztuko arratsalde eguzkitsuan, urrutitik etortzen ikusi nuen neska talde bat. Nirekiko elkartasuna erakusten zuen pankarta zekarten, eta hunkitu egin nintzen. Ez ahazteko moduko keinua izan zen niretzat. Orain neska gazte haiek edo haien ingurukoak iraindu dituzte Laudioko jaietan gertatutako eraso matxista bat salatzearren. Diskurtso faxistak gazteen artean arrakasta duela entzuten dugu, eta ez da kasualitatea. Faxistatzat ez dauzkagun gizonek ere esaten dute neska bati ipurdia ukitzen badiozu kartzelara zoazela, edozein neskak tratu txarrengatik salatzen bazaitu bizitza izorra diezazukeela nahiz eta gezurra izan..., eta azkenean erasoak salatzea ere ukatu egingo digute.

Ez naiz pankarta hartu eta Laudiora joango behin haiek etorri zitzaizkidan moduan; baina agertokira igo ziren neska haietako bakoitzarekin nago. Zaila da zapalkuntzei gorputza jartzea, eta irainka hasten zaizkizunean, lerro artean irakurtzen duzu ez zaiela inporta jaietan, etxerako bidean, gertatu zaizuna. Jaietan daude. Feminismoak jaiak izorratzen dizkie. Bada, ez zaigu besterik gelditzen zenbaiten jaiak izorratzen jarraitzea baino: gure jaiak lasai egiteko aukera bakarra da. Eskerrik asko, neskak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.