Onintza Enbeita

Jendetsua

2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoizko Korrikarik jendetsuena izan ei da aurtengoa. Ez da kasualitatea. Urte askotan egin du lan handia antolakuntzak gero eta jende gehiagok parte har dezan. Gehiegi izateak desabantailak ere izango zituen leku batzuetan: ezin pasatu, elkar zapaldu, pankartaren aurretik korrika egin nahia… asko garenean denetik gertatzen da. Hala ere, pozgarria da Korrikaren zain hainbeste jende ikustea. Beti ez baikara hainbeste izan. Asko izango ziren arrazoiak, eta ez dut nik inoren arrazoia zalantzan jarriko, baina azken urteetan Korrikak izan duen loraldia izugarria da. Orain, bihartik aurrera behar duguna da arineketan ibili den jende horrek guztiak euskara egunero erabiltzea. Ez dadila eskuz esku pasatu den lekukoa anekdota hutsa izan, ez dadila Korrika hiru eroren burutazio bukoliko bat izan… Euskararen alde gauza ederrak egin dira eta egiten dira hemen; eta jarrai dezagula hala egiten. Kontua da, gero, batzuetan, beste zerbait falta zaigula. Datak pasatzen direnean, oroitzapenez eta nostalgiaz gain, beste zerbait geratzea behar genuke: konpromisoa. Euskaraz jarduteko konpromisoa benetan hartu behar genuke instituzioek, alderdi politikoek, sindikatuek, elkarteek, orotariko erakunde publiko eta pribatuek… eta geuk. Gutako bakoitzak euskaraz jarduteko aukera egingo balu bere lokalean, askoz ere euskara gehiago legoke globalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!