Onintza Enbeita

Kartzeleroa

2025eko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertsolariok pribilegio berezia izan dugu urte askoan. Orain ez dago kartzelako lanik, baina duela ez hainbeste urte, kartzelako lanean ibiltzen ginenean, gure kartzeleroak maitatzera iritsi gintezkeen. Bakoitzak izango zituen bere gustuak, baina niri txapelketa salbatzen zidan kartzeleroa zu izateak, Joseba. Gauza askogatik gogoratuko zaitugu hemendik aurrera, baina akorduan ditut zozketan azken zenbakia atera izan dudan aldi guztiak. Zurekin askoz ederragoak izan dira itxaronaldiak. Geuk hitz egiten bagenizun, zuk erantzun. Gu isilik egoten baginen, zu ere isilik, baina adi. Ezer behar bagenuen, ekarri. Azkenari eutsi azken minutuetan eta gero irribarre bat eta berba gozo bi. Eta besarkadaren bat ematen bagenizun, zuk ere estutu. Eta irribarre horrek, zure irribarre diskretu baina eder horrek, bizitza salbatu zidan kartzelaldi batean baino gehiagotan.

Son Gokuren ahotsa isildu ei da betiko. Larrabetzun ikusle bat gutxiago izango dugu euskaraz sortzen ari garenok, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hutsune handi batekin hasiko da. Betiko ez garela eta gauza horiek guztiak badakizkit, baina oraindik kartzelaldi batzuk gelditzen zitzaizkidan zure ondoan. Bertsolaritza onerako aldatu da, baina zure hutsuneak desatseginago egingo du txapelketa. Ez dakit inoiz esan dizugun zenbat estimatzen zaitugun, Joseba. Eskerrik asko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.