Onintza Enbeita

Kexa

2026ko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure ume hori bueltaka ari zen azokan astelehenean, eta ni haren atzetik. Nik ezer esan gabe esan zidan gizon batek paioak asko kexatzen garela arrazoirik gabe. Ume bakarra izaten omen dugu eta hala ere kexa. Galdetu nion ea nirekin ari ote zen, eta baietz. Nik ez neukala kexarik esan nion: ume bakarra bai, baina kexarik ez. Ijitoen etxeetan dena umea baino ez ei dago, baina ez ei dira kexatzen. Esan nion nik ume bakarra nuela hainbat arrazoigatik, baina ahal izan banu izango nituela gehiago. Harritu egin zen. Bere etxera gonbidatu ninduen, eta han sobera dauden bi hartzeko esan. «Zureak ez direlako esaten duzu hori», esan nion. Barre egin zuen. Bereak hazita zeuzkala onartu zidan, baina biloba gehiegi sumatzen zituen bueltan. Pentsatu nuen gizona izateak ere eragingo zuela elkarrizketan, baina ez nion kontua gehiago luzatu eta bera ere lanera itzuli zen.

Ez dut uste paio kontua denik, hark esan bezala, nahiz eta arrazoia bazuen. Gure amamak 6-8 aldiz erditzen ziren eta gu baino gutxiago kexatzen ziren orokorrean. Batetik lan handia zutelako nola eta non kexatu pentsatzen denbora galtzeko; eta bestetik, orduko gizarteak ez zielako kexatzen uzten. Eta orain ere, pentsatzen dut, kexatzen garenok dena barkatu zaigun belaunaldi bateko kideak garela, baina kexatu ezin duten asko, aukera balute, kexatu egingo liratekeela.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!