Ez nuen zuzenean ikusi aurtengo zinemaldiaren irekiera gala. Hala ere, hurrengo eguerdirako bolo-bolo zebiltzan Werner Herzogek Donostia saria jasotzerakoan esanak. Miarritze eta Donostia Euskal Herri berean kokatzeaz gain, bertsolaritzaz hitz egin zuen. Sare sozialen bidez jarraitzen ei ditu bertsolari txapelketak nahiz eta ez duen «poeta inprobisatzaileek» esaten dugunetik ezer ulertzen. Pozik entzun nituen haren hitzak, eta barre egin nuen zenbait kronika irakurrita.Â
Zeinen harro esango niokeen zuzendari alemaniarrari, bera izan dela konplexurik gabe alfonbra gorrira eraman gaituen bakarra edo bakarrenetakoa. Hemen, poesia inprobisatua herrikoiegia da askorentzat: ez da goi mailako literatura, ez da glamour handiko korridoreetan ibil daitekeen zerbait, ez da esportatu nahi dugun zerbait. Haren hitzak goraipatu dituzten komunikabide askok ez diote bertsolaritzari kasu handirik egiten normalean, eta gutxiago, halako terminoetan. Etorri da gizona Alemaniatik eta harrapatu ditu denak aho zabalik, Euskal Herriko bertsolari txapelketa jokatzen den urtean. Goi mailako kulturaren neba-arreba txiroei buruz aritu da. Nork pentsatuko zuen halakorik? Neuk ere ez. Eta neure buruari zin egin nion ez nuela horretaz idatziko, baina aizue, gu ere harro gaude egiten dugunaz, inguruan konplexu gehiegi dauden arren.