Onintza Enbeita

Liburuak

2026ko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tarteka joan izan naiz liburutegira, baina niri liburuak erostea gustatzen zait: paperezkoak edo paperdunak. Berdin dit bigarren eskuko dendetan edo lehenengokoetan, baina normalean, erosi egiten ditut. Badaude, oparitzeko aitzakiarekin, dozena bat aldiz erosi ditudan liburuak; baita irakurri ondoren erre ditudanak ere. Jendearen etxera noanean begiratu egiten dut zein liburu duten apaletan eta horren arabera egiten dut etxe horretan bizi diren pertsonen sailkapena. Ez nau liburu digitalak harrapatu oraindik, eta agian liburu asko dauden etxeak lasaitasuna ere emango didatela pentsatzen dut: «Ez naiz bakarra. Klasiko asko gaude!». Gaurko egunez loreak oparitzen dituzte Katalunian. Hemen, nire inguruan behintzat, zorte handikoa izango da libururen bat jasotzen duena. Ez da bereziki ospatzen. Liburutegietan ipuin kontalariak egongo dira gaur, baina hortik aurrera, gure parajean behintzat, gauza gutxi.

Ez dakit basorik gabe gelditzen ari den Euskal Herri honetan liburuen apologia egitea inkoherentzia izango den, baina nik mundu guztiari esaten diot eskuak liburuetan izatearen plazera probatzeko. Irakasle ibili nintzenean ere esaten nien ikasleei: «Eskatu Olentzerori liburu bat, edo erosi bigarren eskuko dendan besterik ez bada. Horrela, akaso, apalategian ikustearen ikusteaz, egunen batean irakurri ere egingo duzue». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA