Ahaztuta nengoen udazkenean Espainian zehar bidaiatzearen eskaerez. Saltxitxoiaz eta pernilaz gain loteria eskatzen du nire inguruko jendeak. Madrilen izan ginen irailean eta aspaldiko partez ilara egin nuen Sol eta Gran Via artean. Hantxe egon nintzen erramua eta zortea eskaintzen zuten emakumeei alde egin ezinik, eguzkitan, nire txandaren zain. Ikusi nuen nola jendeak lurrean zegoen harri batean igurzten zituen loteria dezimoak eta harritu egin nintzen. Nire aurreko emakumeak esan zidan ea zertan ari ziren: nik ideiarik ez. «Zenbat tontakeria eginarazten dieten turistei», esan zidan. Ekarri nuen loteria eta kobratu nuen. Horrekin kitto! Udazkena ez zait pentsatzen nuen bezain ongi atera, ordea, eta txarretik ona ateratzea betebehar dugunez, berriz jaitsi naiz Espainiara. Mezuak iritsi zaizkit loteria eros dezadan: «Gehiago?». Bai. Nola Toledon tren istripua izan berri den eta lan istripuan hil den futbolaria ere Toledokoa den…
Pobrea izatea da gauza bat, eta aberatsen bizitza izan nahi izatea beste bat. Haiei begira bizi garela pentsatzen dut askotan. Eta honetan guztian txarrena ez da estatuak ez dakit zenbat diru irabaziko duela gure itxaropen faltsuari esker, txarrena da urtero ez daukagun dirua gastatuko dugula salbatuko gaituen mirariaren bila. Eta ez gara ohartzen salbatuko gaituena borrokan jarraitzea dela.