Onintza Enbeita

Lur langileak

2026ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure aitona-amonek ez zuten maiatzaren lehena eurena zenik sentitzen. Baserritarrak ziren. Gure inguruan fabrikak puri-purian zeuden garaian, aldeanoak baino ez. Beti besteak baino maila bat beherago zokoratuak: hizkuntzagatik, janzkeragatik... Azokara etortzen zitzaizkien langileen emazteak, eta jeneroa merkeago nahi beti. Denek ematen zieten beren buruari baserritarren lana zalantzan jartzeko zilegitasuna. Gure gurasoen belaunaldiak ia osorik alde egin zuen lana zegoen lekuetara. Neba-arrebetako bat gelditzen zen etxean, eta besteek, ospa. Etxean gelditzen zenak ere, kasu askotan, aziendari eutsi arren, fabrikan egiten zuen lana. Eta hor hasi ziren baserriak atontzen, txukuntzen, saltzen ez zutenaren diruaren hutsunea gutxiago igartzen… eta orduan, besteak ziren maiatzaren lehenean baserritik ere etekina ateratzen zuten langile ez hain soil haiek ondo ikusten ez zituztenak. Gure belaunaldia heldu ahala, baserrira itzultzeko zera bat zabaldu da: bukolikotik eta erromantikotik gehiago lurrari eutsi beharretik baino. Hala ere, baserrian lan egitea erabakitzen dutenak, eredu intentsiboari ihes egiten dietenak bereziki, hippyak iruditzen zaizkigu. Ez dakit gure seme-alabena izango den baserritarrak langiletzat hartuko dituen belaunaldia, baina klaseen arteko borrokan inon kokatzekotan, hortxe behar du baserritarrak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA