Onintza Enbeita

Lurrikara

2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago oso argi noiz eraiki zuten Cholulako piramidea. Mexikon dago, Mendozan. Ez da munduko piramiderik luzeena altueran, baina handiena omen da oinarrian dituen neurriei erreparatua: 450 metro ditu alde bakoitzeko. Arkeologoen arabera, Quetzalcoatlen omenez eraiki zuten, baina ez dago argi noizkoa den. Dakiten bakarra da hasi zutenetik amaitu zuten arte belaunaldi bat baino gehiago jaio eta hil zirela. XIV. mendean joan ziren toltekak Cholulatik, eta handik mende bira, gutxi gorabehera, espainiar konkistatzaileak heldu ziren bertara. Haiei bost bederatzi eurien Jainkoak, Teotihuacan, tenplu sakratuak eta enparauak!: eurena inposatzera joan ziren mundu berria deitu ziotenera. Beste leku askotan egin zuten bezala, Cholulan ere euren handikeria ikustea nahi izan zuten: eliza txiki bat eraiki zuten piramidearen gainean. Egongo ziren lurrak inguruetan, baina bertakoek maite zutena ezabatu egin behar zen. 1864an, ordea, lurrikara batek bota egin zuen eliza: justizia poetikoa.

Oraingo kolonizatzaileek ere besteen lurrean eraikitzen dute eurek sinisten duten hori. Pentsatzen egon naiz lurrikara batek Israelen zimendu sinbolikoak, politikoak eta ekonomikoak astintzea nahiko nukeela. Ez dezagun ahaztu, hala ere, naturak hiru mende behar izan zituela Cholulako eliza botatzeko. Izan gaitezen geu lurrikara horren eragile.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.