Gure umea ez da eskolara hasi oraindik. Ez dakit hala behar lukeen, baina horrela erabaki genuen. Ez du Olentzero eta Mari Domingiren fitxarik margotu, eta ez diote Naporen konturik kontatu. Pentsatzen dut umearen aitak datorren urtera arteko su etena espero zuela gabon kanta eta kontuei dagokienez. Umearen amak gabon izpiritu lotsagarria eta inkoherentea dauka, ordea. Umeari burua bete dio. Ez dakigu ondo ulertzen duen Olentzero eta Mari Domingi nortzuk diren, baina honezkero luzatuz doa haiek ekarriko omen dituzten gauzen zerrenda. Lehenengo opari biak amak asmatu zituen, baina orain umeari ez zaizkio ahazten. AP-8an egiten ditugun bidaietan behin eta berriro entzuten ditugu Olentzero esaten duten kantuak. Azken egunetan Izarorena da haren kuttuna: «ama, ipini Olentzero berandu!», esaten du umeak, eta aitak putz egiten duen arren, amak jarri egiten dio. Eta horrela kantatzen dugu Izaro, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin batera «Olentzero, gaur berandutu ezkero…». Aitita Balentinek kantatzen zigun Trakatran trakatran hiru errege kantatzera ere iritsi gara (letra aldatuta).
Umeari Gabonen ilusioa transmititu nahi nion, baina ez dakit urrunegi ez ote noan. Ondo pasatzen dugu kantuan eta ingurukoei grazia egiten diegu. Oraindik txikia da umea eta datorren urterako zeroan izango du markagailua (edo hori espero dugu).