Arrosa gailendu da asteburuan eta arrosaz tindatuko da biharko eguna. Gero eta gutxiago jasan dezaket minbiziaren ikusgaitasuna arrosaz marrazteko zera hau. Aurten telemaratoia gehitu zaio kausari. Ulertzen dut behin minbizia izan zutenak irribarretsu agertzea argazkietan. Ez da gutxiagorako. Utz diezaiogun, hala ere, gaixotasuna eta haren tratamendua erromantizatzeari. Bularreko minbizia duten emakume askok metastasia izango dute, eta haien esperantza bakarra, momentuz, tratamendu esperimentalak dira. Naizena baino zoriontsuago egingo ninduke bihar xingola arrosa jantziko duten instituzioek minbiziaren ikerketarako dirua emango balute. Porlanean inbertitzea ondo dago, baina metastasiak eraman dituen lagunen bideak aspaldi moztu zitzaizkigun.
Sistema produktibista honek minbizia dutenei eskatzen die peluka jantzi eta irribarre egiteko. Zure gaixotasuna beste bat bada, ordea (burukoa adibidez), gaizki hitz egingo dute zutaz bajan egonda etxetik ateratzen zarelako. Gaixorik nola egon behar dugun ere agindu egiten digute. Gure amari besoa lokartu diote hainbeste minbizik, kimiok eta radiok. Ez dago pozik, eta ez dauka zertan egon. Ez da arrosa, marroia da. Ez da indartsuek eta animosoek irabazten duten gerra: gaixotasuna da. Minbizia tartean dela irabazteko daukagun gerra bakarra osasungintza publiko indartsua da.