Gizon artean ibili naiz, eta gizon asko mirestera iritsi naiz. Jende askok feministoz pentsatzen duenaz haratago, ez ditut gizonak gorroto. Edozelan ere, asko harritzen naute haiek gure hitzen inguruan egiten dituzten hausnarketek. Esplikatzen diezu nola sentitu zaren zure ibilbidean eta esaten dizute ez omen zekitela hainbeste sufritu duzunik, ez zutela pentsatzen baztertuta sentitu zinenik, zuri gertatu zaizuna ez dela politikaren kategorian kokatzeko gauza bat… eta benetan, etsi egiten naute. Izan dira azkarrak nekazaritzan, iraultzan, familian, bertsotan, politikan, idazten… baina ez dute ulertzen haiek gizon sozializatu izanak ez diela utzi gauza batzuk ikusten. Izan ere, haiek kategoria politikoan jarri dezazun nahi ez duten hori guztia da benetan zure arazo politikoaren zatirik handiena. Edo gogorrena. Berdin dio. Horrela ezagutu nituen, eta bidelagun izan ditudan gizon asko horrela maite ditut.
Edozelan ere, onartzen dut batzuetan astun jartzen naizela azalpenetan, eta behin, mila aldiz entzun nauen batek labur esplikatu zidan ni luzeegi esaten ari nintzena: «Onintza, guk pentsatzen genuen marxista-leninistak ginela, baina beti izan gara matxista-leninistak». Txistetzat balio du, baina bere burua ezkerrean kokatzen duten gizon askok hozkailuko atean idatzi beharko lukete letra larriz.Â