Gaztelaniaz idatzitako izen-abizen euskaldunak dituen tipo bat entzun dut telebistan hizketan. Dirudienez, ideologikoki eskuinekoa dela denen aurrean esaten hasi denetik mehatxatu egin dute hainbat aldiz. Berak azterketa sakona egin du egoeraren aurrean, eta uste du ezkerretik etorritako indarkeria normalizatu egin dugunez normaltzat hartzen dugula eskuinekoei erasotzea. Eta, orain, ezkerraren indarkeriari erantzuteko eskuineko taldeak sortu direnean, harritu egiten omen gara.
Nik ez dakit tipo horri nork ordaindu dion halakoak esateko. Litekeena da berak bere burutik ateratako ondorioak izatea, baina mingarria da esatea orain arte eskuinak ez duela indarkeriarik erabili. Ez dakit zergatik onartzen diren telebistan halako diskurtsoak. Ez dira egia eta historia distortsionatzen dute. Norbaitek azaldu beharko lioke pertsonaje horri 1936an herriak demokratikoki aukeratutako gobernuaren kontra altxatu zirenak eskuinekoak zirela; baita emakumeei ilea moztu eta umeak ostu zizkietenak ere. Jakin beharko luke eskuinak debekatu egin zuela gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan hitz egitea eta zigortu egin zituela hala egiten zutenak. Ez dakit zergatik ez duen ikusi nahi eskuinak jende asko torturatu eta desagerrarazi zuela bera autoan lasai ibiltzen den errepideen bazterretan. Jasangaitza egiten zait historia ezabatzeko intentzio hau.