Onintza Enbeita

Molestatzea

2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bikotekide ohiak jarritako salaketa baten ondorioz hainbat lekutatik bidali duten gizon bati buruz ari ginen. Guk antolatutako ekintzaren batera baletor ea zer egingo genukeen erabaki beharra genuen. Bagenekien gure inguruan antolatu diren festa batzuetara agertu izan dela eta eztabaidan hasi ginen. Batzuek esaten zuten ez zirela ausartzen harengana joan eta zerbait esatera, beste batzuek zerbait esan egin beharko litzaiokeela nahiz eta hark kasurik egin ezean erantzuteko tresnarik ez izan, eta halako batean batek esan zuen inor molestatzen ez badu utzi egin behar geniokeela bat gehiago izaten. Zaila da, ordea, bat gehiago dela onartzea haren kontrako tratu txar salaketa badela jakinda. Eztabaidaren bezperan, ni ere gonbidatuta nengoen bazkari batetik bidali egin zuten gizaseme bat. Ez zen ezer egiten ari, baina salaketa bazuen eta handik joan zedila eskatu zioten.

Gauzak ez errepikatzea nahi dugu, baina kosta egiten zaigu horretarako neurriak hartzea. Kosta egiten zaigu tipo bati ongi etorria ez dela esatea, baina ziur naiz erasoa guk jaso izan bagenu eskertu egingo genukeela beste batzuek hori egitea. Gehiago oraindik erasotzailea gu parte garen komunitatean ikusi behar badugu behin eta berriro. Beldurra izatea zilegi da, baina norbait molestatu arte itxaron beharrik ez dago. Batez ere helburua inor ez dezala molestatu delako. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA