Onintza Enbeita

Muxuak

2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muxuaren nazioarteko eguna izan zen atzo. Ikusi nuen sare sozialetan muxuak eskatu zituela jendeak. Irratian ere muxuez aritu ziren goizean. Irribarre txikiarekin entzun nuen muxuaren egunaren kontua, baina egunean zehar ez nuen akorduan izan, eta beti bezain muxu gutxi jaso eta eman nituen. Halakoetan beti gogoratzen naiz lagunekin gelditzen den aldiro muxu bina ematen dizkien lagunaz: iristetakoan eta etxerakoan. Eta horrek gogorarazten dit zenbat muxu ematen ditugun gogorik gabe: eman egin behar direlako. Leku batera iritsi eta muxu bi bati, besteari eta besteari; jakinda bat bera ere ez duzula bihotzeko. Eta zenbat aldiz geldituko ote nintzen norbaiti muxuak emateko gogoz korroan zeuden beste guztiei ez ematearren…

Muxuak asko estimatzen ditut, berez. Eman zalea naiz. Jaso zalea ere bai. Hala ere pentsatzen dut ez genituzkeela instituzionalizatu behar. Ez lukete agurtzeko protokoloaren parte izan behar. Nahi duenak eman diezazkiola nahi duenari. Horrek badu edo izan lezake arazo bat, ordea: muxuak norbere esku utziz gero, gutxiago emango genituzke. Ez genituzke hain arrunt ikusiko, eta ematen dituenaren gaineko irudi okerra egingo genuke. Batzuetan pentsatzen dut errazago ateratzen zaizkigula espontaneoki keinu mingarriak. Besteak, goxoak diren keinuak, ikasi ditugun kasuetan bakarrik baliatzen ditugu ia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA