Onintza Enbeita

Negu Gorriak

2026ko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza bat ez ezagutzea gauza bat da, eta hizkuntza horretan esaten den edozein gauza komeni zaizunarekin lotzea beste bat. Esan nahi dut: gauza bat da Euskal Herrian Negu Gorriak izeneko talde zoragarri bat existitu izana, eta beste bat gure eguneroko hizkuntzan negua gorria izan dela esaten dugun aldiro talde horri gorazarre egiten diogula pentsatzea. Etengabeko omenaldi hori mereziko luketen edo ez, beste eztabaida bat da. Niri pertsonalki urte ederrak eman zizkidaten. Kontua da negu gorria adierazpide normala dela euskaraz neguaren gogorra esplikatzeko, eta kalean bizi den jendeari laguntzen dion elkarte batentzat izen aproposa dela Negu Gorriak. Gorria sinbolikoki latzarekin, biluztasunarekin edo agorrarekin lotu izan du euskarak: gorriak ikusi, kale gorria, premia gorria, gose gorria, soil eta gorri, gorririk, haserre gorria, haize gorria… 

Gauza asko izan daitezke gorriak euskaraz, baina badirudi GKE bat ezetz. Sartu dituzte lapikoan Fermin Muguruza, Negu Gorriak, Iruñea, migratzaileak, ETA… eta zentzurik ez daukaten beste gauza mordoa, eta kotxe bati harrika amaitu dute. Eta zentzugabekeriari zentzu gehiago kentzeko, ahots gutxi izan dira irmoak ekintzaren salaketan. Autoan zihoazenak benetan izan balira Negu Gorriak GKEko kideak, asko isilik geldituko ziratekeen. Edo hori pentsarazi dit haien bai baina-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA