Onintza Enbeita

Oiloak

2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oiloak konfinatu egin behar direla esan dute. Hasi gara gure inguruko baserritar txikiak elkarri deika. Hegazti gripea omen dabil hor nonbait, Frantzian edo. Ez gaude ziur guri ze kalte ekarriko digun kontuak, baina ez gaude lasai. Ez gaude lasai astelehenetan jendeak galdetu egiten duelako gaiari buruz, Gernikako errekan ahateak hil omen direlako eta nik zer dakit zenbat gauzagatik. Ez dakigu zer egin. Batzuk arrautzak garestiago kobratzeaz ari dira, baina ez diot zentzu handirik ikusten kontuari. Gure oilategian dena dago normal. Oiloak han daude, pentsua berdina da, arrautzak jartzen jarraitzen dute, kanpoan egiten dituzte argi orduak, barruan gauak… berez ez zaigu ezer aldatu, baina gu ez gaude lasai. Ez dakit mesederako edo kalterako, baina Interneten irakurtzen ibili naiz eta lasaitu egin nau oilo gaixoen arrautzak gizakiengan eraginik ez dutela jakitean. Orduan, ez dakit zertara datozen neurriak eta telebistako titularrak. Ez dut sinisten gure agintariei gure oiloen ongizatea interesatzen zaienik. Ameriketan arrautzak banaka saltzen dituzten supermerkatuez gogoratzen naiz: arrautza bakoitza dolar batera. Kalkulua erraza da: arrautzak euroka salduko bagenitu, dozenak hamabi euro balioko lituzke. Ez dago gaizki! Eta badakigu nork irabaziko lukeen. Eta badakigu nortzuk jarriko gaituzten dianaren erdian geure oiloekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.